Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak eskatuta
Arizmendiarrietaren koadro bat pleno-aretoan jarriko da
Osoko Bilkura EAJ-k aurkeztutako mozioa onartu da alkatesaren kalitatezko botoarekin. Arizmendiarrietaren familiak dohaintzan emango duen koadro bat pleno-aretoan jarriko da.

 (id: 1369447)Testua: Marijo Simon. Argazkiak: Marijo Simon eta Gontzal Landa. 2018ko azaroak 8, osteguna.

 

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak proposamena aurkeztu zion Arrasateko Udalari urriko plenoan, eta EAJ-k mozioa aurkeztu zuen astearteko osoko bilkuran.

 

Mozioa:

 

"ARIMENDIARRIETAREN LAGUNAK ELKARTEAK EGINDAKO ESKARIA GAUZATZEKO

Jose Maria Arizmendiarrietaren lagunak Elkarteak 2018ko urriaren 2ko osoko bilkuran Arizmendiarrietaren erretratu bat osoko bilkura aretoan jartzea.

Gure herrian oso ezaguna da JOSE MARIA ARIZMENDIARRIETAREN figura, bai haren pentsamolde sakonagatik, bai gure herrian bizi izan zen 35 urteetan egindako lanagatik.

 

1941ean iritsi zenetik hil zen arte, 1976ko azaroan, Arrasaten egindako lan nekaezina azpimarratu behar dugu. Justizia sozialaren premia zegoen Arrasaten eta Jose Mariak lagundu zuen enpresa formula berriak eta humanoagoak eratzen.

 

Hainbeste urtetan egin zuen lan hezitzailea, gazteen espiritu ekintzaileaz baliatuta, berdintasun, elkartasun, parte hartze, zerbitzatzeko espiritu, erantzukizun eta beste hainbat baliotan oinarrituta. Faktore horiei esker lortu zen talde Kooperatiboa eratzea etengabeko bilakaeran dagoen gizarte baten arazoei aurre egiteko.

 

Arizmendiarrieta zintzoa eta koherentea izan zen, bere eguneroko bizitzan aplikatzen baitzuen gazteei transmititzen zien filosofia: dena emanda, mugarik gabeko austeritatearekin, elkartasunez, modu humanistan. Pertsonengan sinetsi zuen, mundu berri bat eraikitzeko duten gaitasunean. Bere helburu nagusia justizia soziala izanik, borrokalari nekaezina izan zen, eta bere bizitza eskaini zuen atsedenik gabe, gizarte hobe bat lortzeko.'. Azkenik, ez dugu ahaztu behar etorkizuna aurreikusteko ahalmen harrigarria, etorkizuneko behar eta zailtasunei aurre egiteko gaitasuna, eta, horretarako, garaiz jartzen zituen martxan irtenbide egokiak, arazoak bideratzeko. Egiazki, pertsona aparta eta bakarra izan zen, eta harren gogoetez eta obraz baliatu ahal izan ginen ez soilik Arrasate gure herrian, baizik eta Eskualdean eta Euskal Herri osoan.

 

Arrasatearrak garen heinean, haren figuraren zabalkundea egiteko, pentsamolde aberats eta sakona aztertzeko eta aipatu balioak gazteei eta helduei proiektatzeko sortutako elkarteko kideek, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea, bere erretratua osoko bilkura aretoan jartzea eskatu zuten 2018ko Urriaren 2ko osoko bilkuran, baita ere uztailaren 5an egindako bozeramaile batzordean bertako kide Jose Antonio Altunaren bitartez. Helburua: haren aitortza egitea, herriko jendearen artean egin zuen lana eskertzeko. Horrenbestez, proposamena izan zen Udaletxeko Osoko Bilkura Aretoan Jose Maria Arizmendiarrietaren koadro bat jartzea, zeina familiak emango luke dohaintzan; aurrez izan ziren beste hiru pertsona handien ondoan jarrita, herriak eskerrak ematearen erakusle.

 

Horregatik, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak proposatuta, mozio honen bitartez hurrengoa eskatzen diogu Arrasateko Udalari:

 

- Onar dezala Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak egindako proposamena eta jar dezala Udaletxeko Osoko Bilkura Aretoan Jose Maria Arizmendiarrietaren koadro bat jartzea, zeina familiak emango luke dohaintzan."

 

Mozioa birritan bozkatu zen. Lehenengo bozketan berdinketa bat eman zen: 9 boto alde (EAJ eta PSEko Oscar Garcia), 9 boto aurka (Irabazi, Baleike eta EH Bildu) eta 2 abstentzio (PSEko beste bi zinegotziak). Bigarren bozketa batean emaitza errepikatu zen. Azkenean mozioa onartu zen Maria Ubarretxena alkatesaren kalitatezko botoarekin.

 

Irabazik, Baleikek eta EH Bilduk mozioaren aurka bozkatu zuten. Eneko Barberena EH Bilduko zinegotziaren iritzian emakumeen kasuan batzorde bat eratu da erretratuen gaia lantzeko, eta beharrezkoa zela ere Arizmendiarrietaren gaia beste batzorde batean eztabaidatzea. Bestalde, Eva Abuin Baleikeko zinegotzia bat etorri zen Barberenaren iritziarekin, eta parekidetasuna lortzearen alde egin zuen.  Udal Gobernuaren aldetik, Anuska Ezkurra bozeramaileak emakumeen erretratuen gaia lehenbailehen jorratuko dela azaldu zuen, eta emakumeen eta gizonen erretratuen arteko parekidetasuna helduko dela ziurtatu zuen.

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE